Zorionak txapeldunei! Futbitoko txapelketako final zirraragarri baten ondoren, gure eskolak irabazle berriak ditu. Partida bikaina izan da, eta bi taldeek erakustaldi ederra eskaini digute.


(abajo en castellano)



Otsailaren 28an, Garraldako DBH 3. eta 4. mailako ikasleek bisita berezia izan zuten. Ikasketa orientazioa jorratzeko asmoz institutuko, 4 ikasle ohi gonbidatu zituzten euren esperientziak ezagutzeko.
Eskolako SKOLAE batzordea 4 ikasle hauekin harremanetan jarri zen ikasketa eta lanbide orientazioa ikuspegi hezkidetzailearekin lantzeko asmoz. Izan ere, gazte hauek egindako ikasketak aukera estereotipatuetatik aldentzen dira.
Amaia Bizkai Belzuncek, adibidez, Sareko sistema informatikoen administrazioa ikasi du. Xabi Garralda Celayk, aldiz, Erizaintza erdi maila, goi mailako Kimika eta Dietetika eta Nutrizioa unibertsitate graduak egin ditu. Aitziber Elizondo Eslavak Industria mantentze goi zikloa eta Energia Berriztagarrien aldeko apustua egin du eta, azkenik, Maite Loperena Barber Biokimikako munduan murgildu da.
DBHko ikasleei kontatu zietenez, hasieran erabakiak hartzea ez da erraza, baina ateak beti daude irekita, nahi izanez gero, aldaketak egiteko. Gainera, nahiz eta DBHn bikain ez aritu, bai Batxilergoan baita Lanbide Heziketan ere lan eginez aurrera egin daitekela aipatu zuten.
Gazteek adierazi zutenez, Garraldako institututik ongi prestatuta atera izanaren sentsazioa izan dute beti. Gainera, ikasketen etapa bitartean suertatzen diren aukera guziak ongi aprobetxatzea gomendatu zieten, hala nola, atzerrian ikasteko aukera.
DBHtik hurrengo etapetara pasatzean lagun berriak egitearen garrantzia azpimarratu zuten ere. Horrela, orain arte ezagutu duten guztia zabaltzeko ate gehiago irekitzen baitira.
Bukatzeko, 4 gazteek Pirinioan lan egin eta bizitzeko desioan bat egin zutenez, haien lan baldintzak asmo horretara egokitzen saiatzen ari dira.
Eskerrik asko Amaia, Xabi, Aitziber eta Maite zuen esperientzia gurekin partekatzeagatik!



Nafarroako hazi sarea Pirinioetako barietate tradizionalen berreskuratzean lan egiten ari da. Horrekin lotuta Garraldako ikastetxeari oparitutako tokiko 5 fruta-arbola barietate landatu ditugu: Merino etxeko sagarra (Orbaizeta), Hautsa sagarra (Otsagabia), Sagar beltza (Otsagabia), Romana udarea (Garralda) eta Sagar horia (Garralda). Gure ikasleekin batera eskolako patioan landatu ditugu. Hurrengo urteetan sagar eta udare gozoak dastatzeko aukera izanen genuela uste genuen baina, landatu eta egun gutxitara zuhaitz bakarra geratzen da zutik.








Pena handiz adierazi nahi dugu, hainbeste ilusioarekin aurrera eramandako proiektua gutxi batzuen jokabide desegokiagatik zapuztua izan dela.

Igautre-eguna ospatu dugu Garraldan, herriko karrikak alaituz fanfarrean.
Tunturroak tente eta joarean ozen, joaldunak hasi dia herria esnatzen. Atzetik, tximinoa, hartza eta haien zaindariek jarraitu dute urduritasuna zabaltzen. Adarrak buruan eta sardeak eskuan, momotxorroak izan dira herria alaitzen. Ziripot, zaldiko, txatxo eta ferratzaileek itxi dute fanfarrea, batzuk Miel Otxin eta besteek herria babesten.


DBH 1 eta 2. mailako ikasleok otsaileko lehen astean Izaban egon gara.
Belaguako pistetan, gure ipar ski teknika hobetzeko aukera izan dugu kanpainako begiraleekin. Arratsaldeetan bertzelako jarduerak egiteko aukera ere izan dugu: herri kirolak, zeruko izar eta konstelazioak ezagutu, animalien lorratzak identifikatzen ikasi, Gaiarreren museoa bisitatu, antzezlan bat ikusi… bai eta bertze eskoletako lagun berriak ezagutu ere.