Iragan urriaren 23an DBH 4ko Geologia ikasleok irteera egin genuen Arpeara Otsagiko ikastetxekoekin batera. Pirinioko ikastetxeen arteko lankidetza proiektu honetan, gure inguruneko ondare natural eta geologikoa aztertzeko aukera izan genuen.
(abajo en castellano)



“Encuentros de Pamplona/Iruñeko Topaketak” Baluarte Fundazioak antolatutako kultura, arte eta pentsamenduaren nazioarteko bienalak dira.
Iruñeko Topaketen Eskola esperimentazioa, pentsamendua eta diziplina artistikoen gurutzaketa uztartzen dituen hezkuntza-gunea da, haur eta gazteei arreta ematen diena. Eskola honek Nafarroako Landa Eremuko eskolei tailerrak egiteko aukera eskaini die. Lehenengo edizio honetan, Marina Lameiro, Xabier Erkizia, Peru Galbete, Ghislaine Verano eta Naiara Gorostidi arduratu dira tailer horiek diseinatu eta egiteaz. Bakoitza bere arte-disziplinatik abiatuta eskolekin lankidetzan aritu dira beren esperientzia eta metodologia propioak txertatzeko.
Garraldako eskolan Peru Galbete artistarekin film kolektibo bat sortu genuen.
Peru bi egunez egon zen Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailako ikasleekin lanean. Etxetik haiendako balioa zuen objektu bat ekarri zuten, baita honekin loturiko soinu bat. Ekarritakoarekin argazki muntaia eta film kolektiboa osatu zuten.
Urriaren 8an antolatzaileek Iruñera gonbidatu zituzten ikasle partehartzaileak. Bertan haien lanekin egindako erakusketa ikusi zuten Condestable jauregian. Ondoren, Baluarten, Iruñeko Topaketetan parte hartu duten artisten lanak ikusi zituzten.
https://www.losencuentrosdepamplona.com/eu/escuela/

Gure irakasle izandako Miren Errea Lesbosen egon da Zaporeak elkartearekin. Bertako errefuxiatuen kanpamentuan egunero 3000 bazkaritik gora prestatzen laguntzen aritu da.
Joan aurretik maleta bat jostailuz bete genuen Mirenek bertako haurrei eramateko.
Aste honetan itzuli da eta bere esperientzia kontatu digu. Gainera, gure jostailuak Lesbosera heldu zirela ziurtatu digu. Bideoa partekatzen dugu, zuek ere ikus dezazuen.
Esker mila, Miren!

Iruñeko Topaketak 2024 biurtero egingo diren nazioarteko topaketak dira. Aurten, urriaren 3tik 13ra ospatuko dira. Hainbat arlotako artista, idazle eta pentsalariak egongo dira, gaur egungo munduaren erronka konplexuei buruz hausnartzeko gunea izango delarik.
Topaketa hauek eskoletara hurbildu nahi izan dute beraien egitaraua, aurten. Horretarako, tailer artistiko desberdinak proposatu zituzten eskolan lantzeko (urrian egingo diren Iruñeko topaketetan tailer hauen islada egongo da).
Garraldako eskolak parte hartu du, LH 3.4.5. eta 6.mailako ikasleekin. Gure eskolan Peru Galbete artista egon da. Peru Galbete Usurbilen jaiotako abeslari, pianista, gitarrista, ukelele jotzailea eta konpositore gipuzkoarra da. Mukuru kolektiboko kidea da. Bere lanen diseinuak, hitzak eta bideoak ere ekoizten ditu.
Hemen duzue bere web-orria: https://perugalbete.bandcamp.com/album/nor-zara-zu
Peruk proposatu digun artelanaren izenburua honako hau da: HARRIA, PAPERA ETA OROITZAPENA.
Bakoitzak oroitzapen bati lotutako objektu bat (marrazki edo argazki bat ere izan daiteke) edo audio bat (grabatua edo eskolan grabatzeko pentsatua) ekarri du. Adibidez, harri berezi bat, lo-kanta bat, ipuin motz bat, animalia baten argazki bat, txikitan egindako marrazki bat, etxetik entzuten den soinu berezi bat,… Filma kolektibo bat sortzea izan du helburu lan honek, eta hemen doakizue emaitza:

Apirila ongi bukatzeko, Pirinioko DBHko ikasleok Otsagabian topaketa egin genuen Pirinioko Euskara Batzordeak antolaturik. Bertan Otsagabiko, Garraldako eta Erronkariko ikasleak elkartu ginen eta hainbat aktibitate egin genituen. Astelehen eguerdian Otsagabian elkartu ginen eta frontoian bazkaldu genuen. Bazkaldu ondoren, taldetan elkartu ginen eta bingo musikatuan eta jolasetan aritu ginen. Ondotik “Gartxot” filma ikusi genuen. FIlma ikusi eta gero afaldu genuen eta 22:30ak arte libre izan genuen. Behin Zatalarrañasen sartuta lotarako gauzak prestatzen hasi ginen. Kalera ateratzeko abisu asko eta gero, lokartu egin ginen.
Hurrengo goizean, esnatu eta gosaltzera joan ginen. Goizean zehar joku ezberdinetara jolastu genuen eta Asisko Urmenetarekin hitzaldia izan genuen. Bazkaltzeko Otsagiko hiru herritarrek otapurrak prestatu zizkiguten. Izugarri goxoak zeuden. 14:45an autobusak hartu eta gure eskoletara itzuli ginen.
Bukatzeko, aipatu Pirinioko Euskara Zerbitzuek laguntza eman digutela, esker mila bihotzez! Esperientzia polita izan zen, oso ongi pasatu genuen eta espero dugu errepikatzea.
