Hementxe dituzu euskaraz musika entzuteko abesti zerrendak adinaren arabera sailkatuak.
Kalitatezko Ikastetxea
2007-2008 ikasturtean Garraldako ikastetxeko zuzendaritzak ikasturte hasieran urtero zeuden zailtasunen aurrean, kalitate-sarean sartzea erabaki zuen. Izan ere, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasle-taldeak urtero aldatzen ziren, eta, gainera, irakasleen klaustroak oso egonkortasun txikia zuen, eta ondorioz, ikasturtearen hasiera ia berritik hastea zen. Ikastetxeetan Kalitatea Kudeatzeko Sistema, (IKKS), jarraitzeko aukera honekin helburu garbi bat genuen: Garralda ikastetxeko antolaketa finkatzea.
Ordutik Kadineteko lankideen gidaritzapean lanean jardun dugu; gure ikastetxearen antolamendurako beharrezkoak diren prozesuak sistematizatuz. Urte luzez “Kalitatearekin konpromezua” aitorpena izan dugu.
Hezkuntza departamentuak Ikastetxeetan Kalitatea Kudeatzeko Sistema (IKKS) berria argitaratu zuen 2020an. Ordutik araudi berrira egokitzeko lana burutu dugu eta 2023ko udaberrian pasatutako kanpo auditoretzaren ondoren, “Kalitatezko Ikastetxea” aitorpena lortu dugu.
2024ko urtarrilaren 26an Nafarroako bertze hainbat ikastetxerekin batera, aitorpena jaso genuen Iruñean antolatutako ekitaldi batean. Bertan Garraldako ikastetxearen esperientzia azaltzeko aukera izan genuen.
Kalitateak gure ikastetxea ongi antolatzen laguntzeaz gain, gure eguneroko jarduna hobetzen jarraitzeko bidea emanten digu. Aitorpen berri honekin hobekuntzan lanean jarraitzeko bultzada jaso dugu.
IGAUTREAK 2024
Otsailaren 9an eskolako inauteriak ospatu genituen eta ikasleak zein irakasleek parte hartu genuen. Aurtengo gaia KOLOREAK izan zen eta guztion artean ortzadarreko koloreak osatu genituen:HH-LH1 arrosa, LH2 morea, LH 3-4-5-6 berdea, DBH1 laranja, DBH2 horia, DBH3 gorria eta DBH4 urdina.
Patio ondoren, fanfarrearekin herrian barna kalejiran ibili ginen. Gero, eskolako pistan ekitaldia burutu genuen. Bertan, Herri Berri istorioaren bidez talde bakoitzak aukeratutako abestia dantzatu zuen. Ekitaldiarekin amaitzeko, denon artean Polka Pik abestia dantzatu genuen ortzadarreko koloreen ordena jarraituz, modu honetan ORTZADAR handi bat osatuz.
Eski Astea 2024. DBH1-2
Garraldako ikastetxeko DBH 1. eta 2. mailako ikasleak urtarrilaren 29tik otsailaren 2a arte Aste Txurian egon ginen. Osotara 24 ikasle eta 5 irakaslea egon ginen. Oxanea ostatuan (Izaba) egon ginen. 5 egunez eskiatu, jende berria ezagutu, jolastu, ingurua ezagutu eta dantzatzeko aukera izan genuen.
Goizetan, Larra-Belaguako ipar-eski estazioan eskiatzen ibili ginen. Bertan hamaiketakoa egiten genuen eta indarrak hartu ostean eskiatzen jarraitzen genuen. Eskia amaitzerakoan Izabara bueltatzen ginen autobusez eta bertan bazkaltzen genuen. Bazkal ostean denbora librea ere izaten genuen.
Ondoren, arratsaldeko 18etatik aurrera jarduera desberdinak egiten genituen, adibidez: herri kirolak, dantza, Izabako kaleen garbiketa, Julian Gaiarreren museora bisita… Eguna bukatzeko Oxanean afaldu eta lotara joaten ginen, hurrengo eski egunerako indarrak hartzeko. Azken egunean diskoteka antolatu ziguten eta beste eskola batzuetako ikasleekin batera dantzan ibili ginen Erronkariko frontoian.
Eskiatzen egon ginen egun horietan primeran pasa genuen eta Basoilarra (Tetrao urogallus) ikusteko zortea izan genuen. Oso zaila omen da espezie hau ikustea, desagertze arriskuan baitago. Egun bizi-biziak izan ziren; jarduera ugari eta lagun berriak egin genituen.
MASKULINITATE ETA AHALDUNTZE TAILERRAK
Ikasturte honetan, hirugarrenez, Auñamendi Gizarte Zerbitzuen mankomunitateak “MASKULINITATE ETA AHALDUNTZE” tailerrak antolatu ditu gure eskoletako ikasleentzat.
Urtarrilan zehar Garralda, Auritz eta Auzperriko LHko 5. eta 6. mailako ikasleek eta zonaldeko DBHko ikasle guztiek “maskulinitate eta ahalduntze” tailerrak jaso dituzte, Maimar berdintasunerako aholkularitzaren eskutik.
Hasierako saioetan bi taldetan banatu dira: neskak eta mutilak. Aurreiritzirik gabeko esparrua sortu da, zeinetan ikasleek beraien esperientziak elkar banatzeko aukera izan duten. Nesken kasuan, emakumeen ahalduntzea sustatu da, eta mutilen kasuan, gizona izateko eta maskulinitatea bizitzeko modu anitzak erakutsi dira. Honetaz gain, ikasleen artean berdintasunaren aldeko jarrera bultzatu eta indarkeria matxistaren prebentzioa landu da, batez ere sare sozialetan.
Azken saioan, neska eta mutilen arteko dinamika bat egin da, ikasitako guztia batera ixteko.
Saio hauek garrantzi berezia hartzen dute gure zonaldean, landa eremua ere berdintasunerantz doan gizartea dela ikusarazi eta gure ikasleak aldaketaren eragile bihurtzeko.
NEGUKO FESTA
Abenduaren 22, Solstizioarekin batera, Neguko Festa ospatu genuen Ikastetxean. DBHko ikasleak zuzenduriko adin arteko tailer ezberdinak egin ziren; aurpegi margoketa, karaoke, sukaldaritza, euskal dantza, eskulan eta “Just dance” hain zuzen ere.
Ondoren, momentuan erretako gaiztain goxoekin indarberrituta eta eskolako musikarien erritmoan, Errotako bidea hartu genuen, non eta Mari Domingi eta Olentzerorekin topo egin eta konpainian egin genuen ibilbidea.
Errotako ikuskizunean ikasle zein irakasleek ahotsak findu eta momentu goxo bat pasatu genuen bertara inguratu ziren familiekin bat.
Eguna bukatzeko, Apymak antolatutako mokadutxo janarekin sabela bete eta aurretik zetozen opor egunei ongi etorria eman genien.
Oporrei hasiera ederra eman genien denok batera!