Auñamendiko Disziplinarteko Ikaskuntza
Ikasturte honetan Auñamendi Disziplinarteko Ikaskuntza (ADI) proiektua jarri dugu martxan Garraldako Institutuan. Gai zentrala “Munduko Herriak” hartuta, diziplinarteko proiektu bat garatu dugu DBHko 1., 2. eta 3. mailako ikasleekin. Proiektua hiru egunekoa izan da (martxoaren 30a, martxoaren 31 eta apirilaren 1a), eskolako ordutegian.
Ekimen honekin, guztion artean, bizikidetzan, inklusioan eta aniztasunarekiko errespetuan oinarritutako eskola eraikitzen jarraitu nahi dugu. Gure helburua identitate partekatua sustatzea da, pertsona bakoitzak gure hezkuntza-komunitateari ematen dion enpatia, lankidetza eta aberastasuna balioetsiko dituena.
Arlo kurrikular guztiek modu koordinatuan parte hartu dute hainbat jardueratan, eta, talde lana, ahozko eta idatzizko produkzioak, ekintzailetza eta, orokorrean, oinarrizko gaitasunak garatzea izango da helburua.
Proiektu hau martxan jartzeko, Manex Erdozaintzi Etxart Kolegioarekin (MEEK) elkarlanean aritu gara. Beraien eskola bisitatzen egon gara eta haien jarduna oso baliagarria izan zaigu gure lana aurrera eramateko. Eskola horrek hamarkada bat baino gehiago darama, ikasturtero, Ikasgaien Arteko Lan Astea (IALA) proiektua garatzen, eta beren jakituria gogoz helarazi digute.
Irakasleok ilusio, lan eta mimo handiz prestatu dugu proiektu hau, eta ikasleek modu egokian erantzun diote ikasteko modu berri honi.
















