Azaroaren 6an Pirinio osoko eskoletako DBHko ikasle euskaldunek Piritopaketa bat izan zuten Otsagabian. Urtean behin egiten dira Piritopaketak, bakoitza bailara batean eta aurten Zaraitzuri egokitu zaio. Asteazken horretan joku olinpikoak eta Pirinioko kirolariekin hitzaldiak egin zituzten. Lehenik eta behin, olinpiadetarako irakasleak eta ikasleak taldeetan banatu ziren: DBH1-2n bost talde egin ziren, DBH3-4n beste bost eta irakasleak bi taldetan. Bost joku egon ziren: zonbi jolasa, boley bola, oreka-erronka, herri-kirolak eta futbola. Taldeka, Otsagabiko toki desberdinetara joaten ziren eta han zenbait jolas egiten zituzten, talde bat beste baten kontra. Irakasleen taldeek ere ikaskideen taldeen kontra egin zuten, beraz, beraien kontra jokatzea askoz ere dibertigarriagoa iruditu zitzaien ikasleei. Jolas guztiak bukatzean, ikasle eta irakasle guztiak frontoian elkartu ziren eta DBH1-2ko olinpiadetako irabazleak aurkeztu zituzten, eta ondoren DBH3-4ko irabazleak; azken horien artean hiru taldek berdindu zutenez, zozketa bat egin zuten eta talde txuriak irabazi zuen. Bi talde irabazleei, pastel bana eman zieten. Hori eta gero, bazkaltzera abiatu eta postrerako pastela jan zuten.
Bazkaldu ondoren, Pirinioetako kirolari batzuekin hitzaldiak izan zituzten; lehenengo, Iker Vicente (aizkolaria) eta Maider Ardanazek (pilotaria) haien historia ezagutarazi zieten ikasleei; ondoren, Patricia Viscarret (alpinista) eta Enara Oronozek (triatleta) haien ibilbidean izandako zailtasun batzuk eta hainbat abantaila kontatu zieten; eta bukatzeko, Laia Salsamendi (pilotaria) eta Aitor Alduntzinekin (pilotaria) ere hizketan egon ziren eta izandako hainbat lesiori eta txapelketei buruz galdetu zieten. Hainbat gauza galdetu eta ikasi zuten ikasleek, baita kirolariek ere.
Oso egun polita izan zen, ikasleak eta irakasleak oso gustora egon ziren eta dena ongi atera zen, Erronkariko autobusa matxuratu zen arren. Gazteen arteko erlazioa sendotu zuten eta kirola egiten egon ziren.
Utzi erantzuna